XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haizearen besoetan kulunkan mugituz
Hondarribiko aireportuan piloto berrien eskola
Hegan egitea omen zen ametsik biziena jende askorentzat.

Ez, noski, hegazkinez, berez baizik.

Baina hau oso zaila izanik, besterik ezean, zepelin, globo, delta, areoplano eta abarrez baliatu behar izan dugu, gaurdaino, airetan geure burua zintzilikaturik ikusi ahal izateko.

Hala ere, abioi haundi batetan sar, aulkian eseri, gerrikoa lotu eta bidaiari ekitea gauza bat da; besterik, ordea, norberak har delta edo abioia, eta, berari eraginez, goruntz igo, lurrerantz jaitsi, lainotan sar, haizearen besoetan mugitu, eta lurretik at ibil edo hegan egitea.

Ez da zaila hau egitea, lainotan zeure burua kulunkan ikusteko, gora igo behar da.

Nola geratu halakorik probatu gabe, hain erraza izanik?.

Hondarribiko aireportuan irakasten dute, Gipuzkoan, abioneten maneiatzea.

Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere bada aukera bera.

Abentura kutsua duen kirola honen berri jakin nahirik, Hondarribiko Aereo Klub bisitatu dugu, eta bertako irakasle den bizkaitar gazte batek egin digu harrera.

Rafael Txurruka Egoskozabal da berau, orain dela 30 urte Algortan jaioa.

Gazterik hasia izango da, noski, lanbide honetan, dozena bat urteotan bere eskutatik igaro baitira hemengo ikasle guztiak.

Hizketan ari garela, hor dabil, ia beti bezala, abioneta bat pistan barrena.

Kotxea eramatea baino errazagoa
- Hor dabilena ere ikasle al da?, galdetu diot.

- Bai, bai, eta ez da asko beldurtzen, ikusten duzunez.

- Baina, nahiko zaila izango da hori ikastea.

- Keba, zuk uste duzun baino askoz ere errazagoa.

Hara, kotxea eramatea zailagoa da, zeren hegazkinaren mugimendu guztiak logikoak baitira.

Airean ez da errepideetan edo bide bazterretan bezala.

Hor goian ez da trafikorik, ez aparkatu beharrik.

Zerua zuretzat da, zabal zabalik.

Hara nahi duzula joan?, ba zoaz.

Orain hemendik nator? ba, zatoz.

Kotxean, berriz... Tarte horretan sartu behar nahi, eta, atzerakoan, ezkerretara joateko, eskumatara eman behar bolanteari.

Edo alderantziz.

Abioian, guztia logikoa da, eta ez dago piska bat aurrera, piska bat atzera, honi eman, hura ukitu, bazterra jo, eta halakorik.

Logikak agintzen du airean.

Oso da xinplea honen manejoa.

Ikasi beharrekoak, lau edo bost gauza dira bakarrik, eta ikasleak, berak harritzeraino, berehalaxe hartaratzen dira.

- Bai, bai, hala entzun eta besterik ez bada...

- Egia da.

Hemen ez da teoriako klaserik eta horrelakorik.

Zuzen zuzenean joaten gara hegazkinera, eta kabinan sartzen gara ikaslea eta biok, eseritzen gara bakoitza bere lekuan, hartzen dugu mandoa eskuetan, bakoitzak berea, eta hitz gutxitan abioiak dituen lau mugimenduak ez baitu besterik agertzen dizkiot.

Berehala jabetzen da, manejoaz, eta nik uste dut halako irrikia ere sortzen zaiola, bere baitan, goruntz ekiteko.

Gutxien uste duena, ordea, zera da, handik minutu batzutara berak eramango duela abioia, berak bakarrik.

Lehenen hegaldia nik zuzenduko dudalakoan dago, baina, ez ezazu mandoa, eta tira! goazen!, esaten diot, eta, ia ia berak ere sinetsi ezin duela, hor darama abiada bizian pistan zehar gure egazkina, eta berehala muturra jaso, eta zeruruntz.

Hori poza berea! Hori zirrara bere eskuetan eta bihotzean! Konturatu ordurako, hor gara biok hegan, Hondarribia gainean, eta Jaizkibel hegietan.

Ez dago gelditzerik, aurrera egin behar da, eta harat eta honat, gora eta behera, zoraturik doa, airean kulunkan, motorren rumrumean galdurik, Irun aldera, Hendaia ondora, aireportu eta teilatu gainetik.

Horra hor bere aire bataioa.

Mando bikoitza abioi guztiek
- Eta zuk berari utzi diozu eramate guztia? Zeu ez zara beldurtzen horrelako nobatoekin?
- Konfidantza osoa dut ikasleengan.

Gainera, abioi guztiek mando bikoitza dute, eskoletan darabiltzagunek, komertzialek, militarrek.

Orduan, ni ere han nago, mandoak eskutan ditudalarik, baina ez du nire beharrik hegan egiteko.

Hala ere, jaiskera edo aterrizatzea denez mugimendurik zailena, badaezpada kontuz nago, baina ikasleak berak bakarrik egiten du hori ere.

Momentu horretan jarri behar du arretarik haundiena.

Lurra ongi ukitu, lurra har, eta aurrera egin behar du nibelik galdu gabe.

Ez da, berez, beste mundukorik, baina haize bolara edo gerta daiteke ustekabe, eta orduan segundoren frakziotan erabaki behar da.

Ez natzaizu abioiak pegarik ez duela esaten aspertuko.

Zeu harrituko zinateke.

- Eta erraza bezain merkea al da ikasketa hau?
- Segun eta nola begiratzen den.

Kotxearen karneta ateratzea ere ez da, gero, txantxa gaur egun guk 250.000 pezta kobratzen dugu.

Zer? Asko? ez ahaztu abionetaren kostoa, bere prezioa, karburantea, errepuestoak, sarri sarri ia eten gabe egin behar zadakion errebisioak.

Egunean egunerako eduki behar da prest hegazkina, eta, dabilela dabilela, hor goian geldituko ez dena.

Beno, guk ez dugu inoiz istripurik ezagutu, eta, gainera, hegazkina gelditzea inposiblea da.

Nahiz eta motor bat geratu, ez da horregatik eroriko.

Eta depositoko karburanteaz penintsula osoa batetik bestera igaro daiteke.

Prezioara itzuliz, gauza guzti hauek gogoan har, eta ez da garestia.

Ala elurretan hogeita hamar egunetan joatea merkeagoa al da?.

Bi hilabete, eta listo
- Zenbat ikasle duzu orain bereon?
- Lau dira ikasleak.

Hemen ez dugu klaserik masiboki ematen.

Ikasle bakoitza da kurso oso bat.

Batek bukatu ala hasten gara beste batekin.

Sistema honetan, gehienez 7-8ren bat izan daitezke batera, eta 3-4 gutxienez.

Neguan jaitsi egiten da kopurua, neguko giroa ez dela egokien hegan egiteko edo ikasteko pentsatzen duelako jendeak, baina eguraldiak ez du zerikusirik, giro guztitarako gertatu behar baita, onerako eta txarrerako.

Berdin da eguzki edo txingor, haize edo barealdi.

Guk zernahirekin ematen dugu klasea.

- Zenbat denbora behar da pilototza ikasteko?
- Presaka eta larri eginez gero, hil pare batetan listo zaude, baina, nire ustez, hori nahiko bortxaketa da, eta patxada haundiagoa behar da gauzak ongi ikasteko.

Hiruren bat hilabetetan ongi hornituta ateratzen da ikaslea; ikasi ditu ikasi beharrekoak, praktikatu ere bai, eta esperientzia eta konfidantza hartu ditu.

Kurtsoak 30 orduko hegaldia du, eta eguneko hiru ordu laurden egiten dira.

Lehendabizi, pistan bertan egonaldi luze xamarra aparagailuen ikasketan, eta gero ordu erdiren bat hegan.

Gehienak euskaldunak
- Nondik dator ikaslegoa?
- Gehienak euskaldunak izan ohi dira, baina penintsula osotik ere badatoz.

Hondarribiarrak ere badira dexente.

Bestalde, beste alorretan bezalaxe, hemen ere matxismoa edo delako hori nabarmentzen da, ia guztiak gizasemeak baitira.

Emakumeak, banaka dira.

- Gazteak izango dira gehienbat, ezta?
- Bai, baina hirurogeitik gorakoak ere izan ditut ikasle.

Normalki, 25-35 urteko adineko jendea da.

- Nola egiten da sarrera? Zer eskatzen duzue ikasle izateko?
- Ez dago konplikazio handirik.

Lehenengoz, Zaragozan edo Madrilen osasun azterketa egin behar da.

Gero, penales agiria atera behar da.

Eta hori edukiz gero, has zaitezke.

Hamabosten bat egunen buruan papeleo guztia egin daiteke.

- Izango dira atzera egiten dutenak ere, beldurtuta edo, ezta?
- Ez, ez.

Esan dizudanez, ikasleak berak darama lehenen egunetik abioia, eta zoragarritzat jotzen du esperientzia berri hau.

Baina, gero, kurbatura bat sortzen da bere psikologian.

Lehenen egunetako euforiatik, depresio batetara erortzen da ikastaldiaren erdi inguruan.

Hau ia gehienei gertatzen zaie, ze kuriosoa! Zergatik ote den, askotan pentsatu dut.

Manejoa errazegia iruditu zaielako, agian.

Sekreturen batzu gordetzen zaizkiela edo, ezin dela hain xinplea izan edo, jartzen dira.

Hitz batez, ez dutela aurreratzen.

Nik biziki animatzen ditut, eta egun batzuren buruan garaitu egiten dute krisia, eta berriro hasierako gozamenean murgiltzen dira.

Gozatu egiten bait da hegaka.

Aireportu seguroa
- Hondarribiko aireportua penintsulako arriskutsuena omen delarik, ez al dira beldurtzen?
- Tira! tira! Hori Madrilgo madrileño baten baserik gabeko ipuin gezurti bat besterik ez da.

Hemen ez da inoiz ere, aireportuko baldintzengatik, istripurik izan.

Hogeita bederatzi urte ditu Aereo Klub honek, gero.

- Diru laguntzarik ba al du eskola honek?
- Guk badakigu badirela beste kirola batzuk ongi subentzionaturik, eta ez kirola bakarrik, tenis, golf, ekitazio eta halakoak ere bai.

Guretzat ez dago ezer Jaurlaritzatik.

Hala ere, nolabait, baina bizi gara.

Rafael Txurrukarekin elkarrizketak ez du bukaerarik, eskolari buruz barrendik dario-eta hitza.

Bera da hemengo piloto berri guztien alma mater.

Baina ez gaitezen hitzetan geldi.

Sar abionetara, mandoak eskura, motorrak martxan jar, helizeak jira, eta, konturatzeke, hor goaz airean, gora eta gora....